Ainhoa Ezeizak blog estreinatu berrian artikulu gomendagarria eskaini zigun lehengo egunean. Gaztelania irakasle bezala Facebook nola eta zergatik erabili duen kontatu zigun, praktikatik jakintza teorikorekin elkarreraginean jardun duela erakutsi digu lehenengoz, eta hori beti da estimagarria, eta, bigarrengoz, zer pentsatua eman digu, neuri behintzat bai, eta horrek bai balioa.
Moodle-Facebook halako dikotomia baten antzean ipini ditu: formala-informala, erregistro desberdinek batean edo bestean kokatu eta landu, zein egokien. Facebook bezalako sare sozialetan norberaren alderdi informal, lagunartekoa nola agertzen den, eta hizkuntzaren ikaskuntzarako oztopo barik, tresna interesgarria dugula azken batean, testuinguru horretan kokatuta beti ere.
Eta iruditu zait hizkuntza ikasteko teknologia berriez ari garela, azken batean teknologiarekin lotuta ez dauden kontuekin egingo dugula topo behin eta berriz. Kasu honetan aurrez aurre vs. internet bezalako aukera baten aurrean, formal-informala, Irakaslea vs irakaslea, Ikaslea vs. ikaslea, ikasle-irakasleak vs. pertsonak baten aurrean baino.
Eta "kalea" hitza agertu da Iñaki Muruaren iruzkin batean, komatxo artean: "Zenbait unetan sarea "kalea" bezala hartu behar ikasleekiko harremanetarako. Parekotasunak balio lezake irakaslearen portaerak argitze aldera." Eta uste dut hor dagoela hizkuntza-irakaslearen lanaren gakoetako bat. Ez gara jakintzaren emaile edo instruktore hutsak, ezta -modernitateetan sarturik- tutore edo ikas-prozesuaren gaineko aholkulari-gidari-bideratzaile soilak ere. Pertsonak ere bagara, hizkuntza erabiltzen duten pertsonak, eta pertsonekin dihardugu, hizkuntza horretaz baliatu nahi duten pertsonekin, eta hizkuntzaren ikaskuntza gure artean maila guztietako komunikazioa eratuz, sustatuz eta errotuz bideratuko dugu besteak beste eta ezinbestean.
Hortaz, buelta bat gehiago emanda. Ez zait inoiz gustatu kalea-ikasgela bereizketa hori, baina ez dut jakin inoiz zergatik azaltzen, mania lerdoren bat izango zelakoan edo. Baina oraintxe konturatu naiz, ikasgela ere (gela fisiko ukigarri aurrez aurreko tradizionalena ere bai) "kalea" da, ikasteko eta komunikatzeko gunea, "kalea" ikasteko gunea ere izan daitekeen bezala, eta kalea bezala, etxeko egongela, hondartza exotikoa, mendi tarte bukolikoa edo troka bazter latzena izan daitezkeen bezala, fisikoak nahiz birtualak, pertsonen arteko hartu-emana eta esan-entzuna oparoak eta sentituak diren bitartean behintzat.