Quantcast
Channel: Karrajua - komunikazioa
Viewing all articles
Browse latest Browse all 10

Uso eta erabilera

$
0
0

Miramarreko bigarrena gaur. Ernesto Martin Perisek zabaldu digu eguna eta berriro ere gogoratzeko moduko aipamenak ekarri eta zer pentsatua eman dizkigu.

"Concepciones acerca de lo que supone ser capaz de usar una lengua" izan du izenburu saioak. Hasiera batean ikastaroko gai orokorretik —hizkuntz-irakaslearen hasierako prestakuntza— apur bat aldentzen zela pentsatu dut, eta akaso horrela izan da, baina berriro ere hizkuntzaren ikuspegiaz hausnartzera etortzea eta gogoratzea eta hura erakustea ez dut uste ezein hizkuntza irakaslerentzat batere kalterako izango denik  (berria nahiz aritua). Hainbat urte bueltaka eta hamaika biderrez aldarrikatu arren oraindik klaro-klaro ez dabilen kontua dela esango nuke.

Martín Perisek hamaika buelta eman dizkio kontuari, egia esanda, eta argi botatzen ditu ideiak eta laginak. Apuntatzeko modukoak izaten dira ekartzen dituenak, bereak edo beste inorenak:

  • Gaitasun testuala hizkuntzen arteko zubia dugu, hizkuntza desberdinetako hiztunen artetik gutxien aldatzen den konpetentzia.
  • Hizkuntza erabiltzen hastea ez da hizkuntza ahoskatzen hastea. Komunikazioaren adierazlea ez da hots-kopurua, komunikazioaren bidez transmitizen denaren kopurua baino.
  • Elkarrizketa ez da interrogatorioa.
  • Gramatika emaitza da, komunikazioaren ondorioa, ez komunikazioaren ezinbesteko baldintza.

Bere horretan seguruenik gogorrak edo kriptikoak egingo zaizkizue hitzok, polemikoak ere bai. Baina argi dauka zer den hizkuntza erabiltzea, eta argi utzi digula uste dut.

Hitzaldiaren izenburuaren azkenengo pasartea gaztelaniatik euskara ekarrita mezu honi etiketa bat gehitu behar niola konturatu naiz gainera: "...el uso de la lengua" > "... hizkuntzaren erabilera". Soziolinguistika etiketa gehitu dut hain zuzen ere. Perisi parafraseatuz ideia bat zirriborratu dut bat-batean: "hizkuntzaren erabileraren adierazlea ez da botatzen diren hotsen edo letren kantitatea, hizkuntza horrek komunikazioaren bidez transmititzen duenaren kantitatea eta kalitatea baino".

Goizaren gainerako orduak ECMLko Frank Heyworth-ekin eman ditugu. Hizlari atsegina eta umoretsua, ingelesen estilora. Pinganilloaren menpekotasunak horrelakoak ondo gozatzeko aukera kentzen digu askotan, lastima.

Europako Markoaren ingurumaritik abiatzen da bere lana (bide batez, Europako Markoaren filma ikusi duzue zuek? Bideo-clubean ez dut topatu). Markoaren ereduaren antzera hizkuntza-irakaslearen gaitasunen mapa desberdinak aurkeztu dizkigu, berak esan duen bezala, hizkuntza-irakasleak zer egiten jakin behar duen. EPOSTL, EPSTL eta EAQUALSen profila. Funtsean hizkuntza irakaslearen profila lan-munduan gero eta ohikoagoak diren konpetentzien zerrendetara ekartzeko saio desberdinak. Berak esan duen modura, hasiera batean apur bat deprimentea izan daiteke zenbat gauza egiten jakin behar den, baina tira perfekzioa ere ez dugu beti lortuko.

Ideia ezagun gehiago, hiru profil motarena adibidez: konpetentea, trebea eta maisua izendatu daitezkeenak, hau da, egiteko gai dena, ondo egiten duena, eta egin ez ezik eredu edo maisua ere izan daitekeena (azalpen kaseroan).  Kalitatearen kontzeptua ere bai, pertsonen asebetetzea eta emaitzen lorpenetan kokatua, EFQM ereduetan bezala adibidez. Azken batean mundu profesionaleko ikuspegi eta ideiak geure profesiora ekarrita.

Konpetentzia maila horretara ailagatzeko giltza batzuk aurkeztu dizkigu:

  1. Lidergoaren garrantzia
  2. Datuen bilketa eta behaketa
  3. Hausnarketa eta bideratzaile (facilitadorea) paperaren beharra.

Esan bezala, lan mundutik datozen ideiak eta ikuspegiak, handik ezagunak egin zaizkigunak, baina logikoa da, ezta? gurea ere lanbidea da azken batean.

Behaketa eta fazilitazioa (zelan itzultzen da hau?) jorratu ditu azken zatian. Interesgarria, baina dudatxoa geratu zait hasierako prestakuntzarako tresna egokienak ote diren, akaso etengabeko prestakuntzarako bai, baina hasberrien kasuan haien erabilpena askotan mugatuegia ote daitekeen pentsatzen geratu naiz.

Tira ba, bihar gehiago, eta geureaz.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 10

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik