Blogaren heriotza iragarri eta iragarri dabiltzan sasoi honetan ondo dator blogosferari errepasoa egitea. Eta gure unibertso txiki honi dagokionez, uste dut badagoela azkenotan aipagarri den gauza bat: ikasle blogariak.
Ez euren kopuruagatik, gutxi dira egia esanda, baina ikasleari horrelako edozein ahalegini ekiteko daukan merituaz gainera, blog hauen bizitasuna da aipagarria.
Une honetan hiru dauzkat nik "fitxatuta"
- Duela hilabete pare bat abiatu zen "El Euskaltegi". Gasteizko Elenak egiten du, euskara ikaslea. Klasean irakurtzen dituen liburuak komentatu, ikas-prozesuarekin lotutako gorabeheraren bat, eta interneten inguruko kezka ere utzi digu.
- Euskarazoak bloga aspaldian ezagutzen dugu hemen. Flap sinatzen duen ikasle eibartarrak egiten du. Ikas jarduerarekin lotutako pasadizoren bat kontatzen badu ere, gehiago jarduten du honetaz eta hartaz, blog pertsonal gehienetan bezala. Umore eta graziaz sarri, baita ausardia teknikoaz ere.
- Hirugarrena, eta azkena oraingoz,Erandioko Udal Euskaltegiko ikasle batek edo batzuek egiten dute. Klaseko eta euskaltegiko kontuen berri ematen dute, smiley-z beteriko mezuetan. Aspaldian ari dira hor idazten, ia hiru urte tontamentean.
Hiruretan erantzun eta saltsa gutxi irakurleen partez. Blogariok badakigu zein etsigarria izaten den idatzi eta inork "kaixo" batekin ere ez erantzutea. Ikaslea izanda horrelako gauza bati ekiteko behar den gogoa, ilusioa eta adorearekin larriagoa. Ikaslea izanda behar eta bilatzen duzun elkarreragin ditxoso horren falta hain zuzen ere.
Sare sozialak daude gaur egun modan. Baina ahazten zaigu blogak ere sare sozialak ehuntzeko tresnak direla. Eta sare sozialez ari garenean pertsonen sareez ari gara. Gogoetak, kezkak, berriak, zalantzak, ideiak eta sentipenak hizkuntzaren bidez partekatzen duten pertsonak, komunikazio guneak. Pertsonen arteko konexioak esango lukete aurreratuenek, ez makinen arteko konexioak.
Ikasleak behar du sare soziala hizkuntzan trebatuz joateko, eta internetek eskaini ahal dio sare sozial bat, eta sare sozial horrek zerbait erakargarri eman behar dio pertsonari.
Batzuek nahiago izango dute nabarmentzea eta "famosoa" izatea baino ez dela bilatzen eta interneten inguruko halako mito mediatiko guztiak. Ez da hala izaten nire ustez, baina ez naiz horretan sartuko.
Pertsona batzuk ahalegintxo bat ari dira egiten, ilusioaz. Ez da edonorentzako ahalegina, ez posiblea edo erakargarria guztientzat, argi dago. Baina ahalegin horrekin batera komunikatzeko eta ikasteko bide posible bat ari dira zabaltzen beste batzuentzat.
Eta, egia esanda, eredu eta laguntza pobrea ematen diegu eredutzat gaituzten irakasleok. Ala ez?
PD. Eredu pobrearena autokritika parte batekin dator.