Ilargiak bezala hizkuntzak ere bi alde ditu: ezkutua edo iluna eta argia edo agerikoa. Ikusten ez dena ere existitu egiten da batzuetan, alegia. Zenbaitetan argitasunak itsutu egiten du, ordea. Edozein astronomok daki ilargia bere osotasunean aztertu behar dela. Modu berean, edozein irakaslek edota ikaslek jakin beharko luke hizkuntza bere osotasunean landu behar dela. Alderdi argia, esplizitua, ezin da izan ikaskuntzaren subjektu bakarra. Alderdi iluna, ezkutukoa, inplizitua, da ifrentzua. Alde bat bestearen osagarri, zein baino zein garrantzitsuago.
Denok ezagutzen ditugu antzeko gaitasun lexikala eta morfosintaktikoa dituzten hiztunak. Eta badakigu egoera komunikatibo baten aurrean jarrita, oso desberdina izaten dela baten eta bestearen gaitasun komunikatiboa. Antzeko lanabesak izanda ere, bata komunikatzaile trebea izan liteke eta bestea ez hainbeste. Zergatik ote? Arrazoiak ildo ugaritakoak izan litezke baina sarritan hizkuntzaren alde ilunean dautza gehienak. Seguru aski, hiztun batek besteak baino estrategia egokiagoak darabiltza.
Estrategia egokiagoak erabiltzeak erabaki komunikatibo egokiak hartzearekin du zerikusia. Erabaki horiek modu kontzientean har litezke edo ez, egoera komunikatiboaren arabera. Kontuan izan, erabaki horietako asko eta asko ez direla kontzienteki hartzen. Hiztun bakoitzaren gaitasun kognitiboarekin eta hizkuntza batean izandako murgilketarekin eta erabilerarekin dute zerikusia. Hauxe da, nire ustetan, bigarren hizkuntzaren ikasketan gainditu beharreko arazo nagusia.
Egia da hizkuntza batean zein beste batean estrategia komunikatibo ugari komunak direla. Hau honela, berebiziko garrantzia du xede-hizkuntzarekiko transferentzia egokiak, beraz. Zorionez, ikasle batzuek transferentzia gaitasun handia dute eta berorretaz baliatzen dira xede-hizkuntzan ere estrategiak garatzeko. Badira gaitasun hori berezkoa dutenak. Adimen kontua. Ezer gutxi dakigu honetaz eta ez gara sare neuronaletan endredatuko momentuz. Beste batzuek, berez edo lagunduta, estrategia inplizitu horietako asko esplizitu bihurtu dituzte; alde ilunetik argira ekarri, teknika bihurtu. Honek azaltzen du, besteak beste, zergatik ikasten den errazago laugarren edo bosgarren hizkuntza bigarrena baino. Baina badira transferentzia hori egiteko zailtasun larriak dituzten ikasleak ere. Nola lagun geniezaieke?
Ikasleok lehenengo hizkuntzan estrategiak erabiliaren erabiliaz bereganatu dituzte, murgilduaren murgilduaz. Xede-hizkuntzan modu berean bereganatzen dituzte. Batzuentzat lagungarri izan liteke teknikak irakastea, estrategiak esplizitatzea; beste batzuek, aldiz, honela ere apenas egiten duten transferentziarik eta xede-hizkuntzaren ikasketan denbora luzea behar izaten dute, lehenengo hizkuntzan egindako ibilbide bera errepikatu beharra izaten baitute ia.
Honelako mezuek izan behar duten luze laburrak honela eskatuta, gatozen ondorioetara. Bi besterik ez ditut aipatuko gaur gaurkoz:
Lehenengoa: irakasle eta ikasleok ezin dugu hizkuntzaren alderdi argian bakarrik lan egin. Ezin gara zuzentasunera eta aberastasunera mugatu. Estrategien munduan, egokitasunarenean, ere lan egin beharraz ohartzen bagara, Armstrong astronauta parafraseatuz esan genezake gure formazioan urrats txiki bat emango dugula baina pausu luzea izan litekeela ikas-irakasbidean.
Bigarrena: Salbuespenak salbuespen, estrategien mundua mundu pertsonala da, ikasle bakoitzari dagokiona. Ikasle bakoitzak berez dakartza estrategia jakin batzuk (onak eta txarrak) eta transferentzia gaitasun jakin bat. Beharrezkoa da, beraz, berauek ahalik eta modu pertsonalizatuenean lantzea. Honetan, lehen Armstrongi bezala, orain ekologistei jaramon eginez, modu globalean pentsatuko beharko dugu eta norbanakoarekin jardun.
Finean, honelakoak dira ilargia eta ikas-irakaskuntza. Batzuetan gora beste batzuetan behera, batzuetan berri eta beste batzuetan bete, batzuetan ilun eta beste batzuetan argi.
Argazkia: Eklipsea 2007-03-03. Egilea: Mr. Theklan. Flickr-etik hartuta. Lizentzia: